Zahartzaroko XXII. Kongresuak bere ediziorik parte-hartzaileena itxi du, zaintzen etorkizuna komunitatean, koordinazioan eta pertsonalizazioan dagoela berretsiz.
220 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten maiatzaren 28an eta 29an Donostian egin zen Zahartzaroko XXII. Kongresuan, “Pertsona nagusientzako arretaren 2030erako horizontea. Berrikuntza eta erronka berriak”. Profesionalek, ikertzaileek, erakundeetako arduradunek, gizarte-erakundeek eta zainketen arloari lotutako pertsonek Euskadik datozen urteetan izango dituen erronka nagusietako batzuei buruzko bi hausnarketa-jardunaldi partekatu zituzten.
Irekiera instituzionalean honako hauek parte hartu zuten: Asier Arrizabalaga, Zahartzaroko presidente ohia; María Jesús Idoeta, Donostiako Gizarte Zerbitzuetako eta Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkaria; Mamen Álvarez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Arreta Soziosanitarioko zuzendaria; eta Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua.
Kongresuko une esanguratsuenetako bat pertsona nagusien arretaren etorkizunari buruzko mahai-ingurua izan zen. Bertan parte hartu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru aldundietako ordezkariek: Maite Peña Lópezek (Gipuzkoa), Gorka Urtaran Agirrek (Araba) eta Amaia Antxustegi Ziardak (Bizkaia), baita Osakidetzako, SIIS-Eguía Careaga Fundazioko eta Aubixa Fundazioko ordezkariek ere.
Topaketan partekatutako ondorio nagusien artean, zaintzen inguruko ikuspegia zabaltzeko beharra nabarmendu zen. Eztabaida instituzionalean azaleratu zen bezala, sistemaren eraldaketa ezin da egoitzetara mugatu. Hurrengo urteetako erronka nagusia etxeko eta komunitateko arreta indartzea izango da, koordinazio soziosanitarioa hobetzea eta pertsonek beren ingurunean ahalik eta denbora gehien jarrai dezaten laguntza gero eta pertsonalizatuagoak eskaintzea.
Kongresuak, halaber, gizarte- eta osasun-politikak ebaluatzearen garrantzia jarri zuen mahai gainean, pertsonen bizi-kalitatean duten benetako eragina ezagutzeko. Parte-hartzaileek adierazi zuten zaintzen etorkizunak baliabide gehiago ez ezik, emaitzak neurtzeko, ebidentzia sortzeko eta erabaki publikoak orientatzeko gai diren sistemak ere behar dituela.
Ostiraleko jardunaldi zientifikoan gaur egun profesional eta familien artean kezka handiena sortzen duten hainbat gai jorratu ziren: Euskal Autonomia Erkidegoko egoitza-ereduaren bilakaera, bizitzaren amaierako arreta, hauskortasuna, dementzia eta zainketei aplikatutako teknologia berriak. Interes berezia piztu zuten bizitzaren amaierari eta dementziari eskainitako mahaiak; izan ere, arlo horietan aurrerapen zientifikoak erronka etiko, sozial eta asistentzial garrantzitsuekin batera doaz.
Programa zientifikoaz gain, kongresuak jardun profesionalera bideratutako hiru tailer hartu zituen. Bertaratuentzat interes handiko gaiak landu ziren, hala nola dementziaren sintoma psikologiko eta jokabidezkoen kudeaketa ez-farmakologikoa, arretaren plangintza partekatua eta adineko pertsonei aplikatutako errealitate birtual murgiltzaileko terapiak.
Kongresuarekin batera, hiru ikastaro paralelo egin ziren Lehen Mailako Arretako profesionalentzat, zaintzaileentzat eta zahartze aktiboan interesa duten herritarrentzat. Guztira, hogeita hamar pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten prestakuntza-jarduera horietan, eta, horri esker, kongresuaren irismena eremu espezializatutik harago zabaldu ahal izan zen, eta gerontologia-ezagutza zaintzari eta zahartzeari lotutako profil desberdinetara hurbildu zen.
Egindako inkestek gogobetetze handia erakusten dute bertaratutakoen artean, 10etik 8,6ko balorazio orokorrarekin, eta puntuazio bereziki altuak esku-hartzeen kalitatean (8,8), antolaketan (8,8) eta landutako edukien erabilgarritasunean (8,7).
Hitzaldien aurkezpenak
Hizlarien aurkezpen guztietarako sarbidea gaitu da, Kongresuan jorratutako gaien arabera antolatuta. Jarraian, aurkezpen guztiak gordetzen dituen karpetan sar zaitezke.
2026ko edizioak esanahi berezia izan du Zahartzaroarentzat ere. Elkartearen Batzar Nagusiarekin batera, Zuzendaritza Batzordearen erreleboa egin zen lau urteko agintaldiaren ondoren.
Irteten den Batzordeak eskerrak eman nahi izan dizkie biltzarraren edizio hau posible egiten lagundu duten pertsona, entitate eta erakunde guztiei.
“Plazer handia izan da etapa hau horrelako topaketa-gune batekin ixtea. Urte hauetan Zahartzaroa hausnarketarako, lankidetzarako eta eraikuntza partekaturako espazioa izan dadin lan egin dugu, eta ez zaigu bururatzen agintaldi honi agur esateko modu hoberik pertsona nagusientzako arreta hobetzeko konpromisoa hartu duten hainbeste pertsona bildu dituen kongresu batekin baino.”
Elkarteak etapa berri bati ekin dio orain, Zuzendaritza Batzorde berri bat sartu baita. Batzorde horri orain arte egindako lana bultzatzen jarraitzeko eta gure gizartearen zahartzeak dakartzan erronkei aurre egiteko laguntza eta desio onenak helarazi zaizkio.
📸 Ez galdu Zahartzaroko Kongresuko argazkiak! ARGAZKIAK
Hurrengora arte!